gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 5, osteguna
Unamuno
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > MIGUEL DE UNAMUNO
MIGUEL DE UNAMUNOREN AURKEZPENA

Bilbon jaio zen 1864an, eta Espainiako 98ko belaunaldia deritzaneko maisu eta pertsonaia ezagunenetarikoa izan zen. Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitatean eta doktore titulua, bikain kalifikatua, lortu zuen Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca (1884) izeneko tesiarekin. 1891n Concha Lizarragarekin ezkondu zen, eta, urte berean, Salamancako Unibertsitateko greziera hizkuntza eta literaturako katedra irabazi zuen. Unibertsitate horretako errektore izendatu zuten 1901ean eta 1914an, Alfontso XIII.aren aurka idatzi zuen artikulu baten ondorioz, kargua kendu zioten. Geroago, 1921ean, unibertsitateko errektoreorde eta letretako fakultateko dekano izendatu zuten.

Horretan ziharduela, Primo de Riverari aurka egiteagatik Fuerteventurara erbesteratu zuten 1924an. Uharte horretatik ihes egin eta gero Hendaian bizi izan zen, 1930ean Espainiara itzuli zen arte. Han, Gorte Konstituziogileetako diputatu hautatua izan zen eta, 1934an, Unibertsitateko biziarteko errektore izendatua. 1936an, altxatutako militarren aldeko agertu zenez, Errepublikako gobernuak kargutik kendu zuen, eta Gobernu frankistak berriz, kargura bihurtu zuen; baina 1936ko urrian, jende aurrean eta Francisco Francoren emaztea bertan zela, Millán Astray generalarekin liskar sonatu bat izan ondoren, ostera kargutik kendu eta etxean atxiloturik eduki zuten. Handik aste batzuetara hil zen.

Unamunoren obran bada saioa eta poesia, baita nobela eta antzerkia ere, eta, filosofo bete-betea zenik ezin esan den arren, bere obra guztia filosofia sakonez betea da. Haren bitalismo existentzialista, Sören Kierkegaarden eragin handia duena, fedetik baino gehiago zalantzatik dator, eta espirituaren eta adimenaren, existentziaren eta pentsamenduaren arteko gatazka etengabean du adierazpide. Era guztietako bere lan ugarien muinean beti daude Unamunoren pentsamenduko bi gai oinarrizkook: gizakiaren, hots, existentziaren eta hilezkortasunaren arazoa eta Espainiaren arazoa.

Esan dezagun, labur biltzeko, Unamunoren lana eta bizitza garai hartako espainiar humanistarik handienaren lekukotasuna direla. Unamunok, argi eta modu aski lirikoan, kristautasunaren zentzu tragiko guztiz pertsonala, kezkaz beteriko mistika, adierazten du, eta eragin handia izan zuen bere denboran.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net