 
	
  Bilbon           jaio zen 1864an, eta Espainiako 98ko belaunaldia deritzaneko maisu eta           pertsonaia ezagunenetarikoa izan zen. Filosofia eta letretako ikasketak           egin zituen Madrilgo Unibertsitatean eta doktore titulua, bikain kalifikatua,           lortu zuen Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de           la raza vasca (1884) izeneko tesiarekin. 1891n Concha Lizarragarekin ezkondu           zen, eta, urte berean, Salamancako Unibertsitateko greziera hizkuntza           eta literaturako katedra irabazi zuen. Unibertsitate horretako errektore           izendatu zuten 1901ean eta 1914an, Alfontso XIII.aren aurka idatzi zuen           artikulu baten ondorioz, kargua kendu zioten. Geroago, 1921ean, unibertsitateko           errektoreorde eta letretako fakultateko dekano izendatu zuten.
  
  Horretan         ziharduela, Primo de Riverari aurka egiteagatik Fuerteventurara erbesteratu         zuten 1924an. Uharte horretatik ihes egin eta gero Hendaian bizi izan zen,         1930ean Espainiara itzuli zen arte. Han, Gorte Konstituziogileetako diputatu         hautatua izan zen eta, 1934an, Unibertsitateko biziarteko errektore izendatua.         1936an, altxatutako militarren aldeko agertu zenez, Errepublikako gobernuak         kargutik kendu zuen, eta Gobernu frankistak berriz, kargura bihurtu zuen;         baina 1936ko urrian, jende aurrean eta Francisco Francoren emaztea bertan         zela, Millán Astray generalarekin liskar sonatu bat izan ondoren,         ostera kargutik kendu eta etxean atxiloturik eduki zuten. Handik aste batzuetara         hil zen.
  
  Unamunoren         obran bada saioa eta poesia, baita nobela eta antzerkia ere, eta, filosofo         bete-betea zenik ezin esan den arren, bere obra guztia filosofia sakonez         betea da. Haren bitalismo existentzialista, Sören Kierkegaarden eragin         handia duena, fedetik baino gehiago zalantzatik dator, eta espirituaren         eta adimenaren, existentziaren eta pentsamenduaren arteko gatazka etengabean         du adierazpide. Era guztietako bere lan ugarien muinean beti daude Unamunoren         pentsamenduko bi gai oinarrizkook: gizakiaren, hots, existentziaren eta         hilezkortasunaren arazoa eta Espainiaren arazoa. 
  
  
  Esan dezagun, labur biltzeko, Unamunoren lana eta bizitza garai hartako         espainiar humanistarik handienaren lekukotasuna direla. Unamunok, argi eta         modu aski lirikoan, kristautasunaren zentzu tragiko guztiz pertsonala, kezkaz         beteriko mistika, adierazten du, eta eragin handia izan zuen bere denboran.